Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek eta Malerrekako Mankomunitatearen euskara zerbitzuko zinegotzi Joseba Indaberek sinatutako hitzarmenarekin, ‘Euskaraz bai' dinamika abiatu dute Malerrekan.
Donezteben egindako agerraldian azaldu dutenez, Malerrekako Mankomunitatearen euskara batzordearen bidez iritsi da Kontseilura eskualdean prozesu hau abian jartzeko proposamena. Bide hori euskalgintzarekin lankidetzan egingo dela azaldu dute. Kontseiluko idazkari nagusiak "bide hori euskalgintzarekin batera, lankidetzan, egiteko asmo sendoa dagoela iragartzeak biziki pozten nau", adierazi du.
Euskararen normalizazioa bizkortzeko herritarren atxikimendua, entitateek urrats eraginkorrak ematea eta instituzioen eta euskalgintzako erakundeen arteko elkarlana, Mendigurenek adierazi duenez, "hori dela eta, gaur konpromiso hori lotzen duen hitzarmena sinatuko dugu hemen", gaineratu du.
Malerrekan ‘Euskaraz bai' dinamika abiatuta, Nafarroa Garaiko iparralde hedatu da dinamika; izan ere, Leitzaldean, Bortzirietan eta Baztanen jada abiatu da aipatu ekimena. "Bereziki pozgarria da Kontseilatuarentzat Malerrekan lanean hasteko aukera izatea. Malerrekarekin puzzlea osatzen dugula esan dezakegu", azaldu du kontseiluko idazkari nagusiak.
Malerrekako Mankomunitateari eskerrak eman dizkio Xabier Mendigurenek "euskararen normalizazioa lortzeko aurrerapauso hau Kontseiluarekin emateagatik eta bestetik, eskualdeko euskalgintzari euskararen aldeko eragin lana egiteagatik". Bestetik, Kontseiluak bide honetan beharrezkoa den laguntza eskainiko duela azaldu du.
Malerrekako Mankomunitateko euskara zinegotzi Joseba Indaberek, bere aldetik, ‘Euskaraz bai' dinamika martxan jartzearen arrazoia azaldu du "Malerrekako Mankomunitateko Euskara Batzordetik euskararen alde zerbait gehiago egin zitekeela ohartu ginen eta nahi eta gogo horrek eraman gaitu ‘Euskaraz bai' dinamika abian jartzera. Bagenekien gure inguruko eskualdeetan, Xabierrek esan bezala, martxan zela proiektua eta emaitza onak eman dituela. Euskararen erabilera bultzatzeko tresna egokia da hortaz, dinamika hau. tresna erraten dugunean horixe da dinamika hau, ibilbide honetan lanabesa bertzerik ez, lana guk egin behar dugulako, denon artean: herritarrek, Herriko Etxeek, erakundeek, saltokiek..." , azaldu du Indaberek.
Dinamikaren izaerari ere erreferentzia egin dio Indaberek "bereziki azpimarratu nahi genuke, hau ez dela kanpaina bat, epe luzeko proiektua baizik. Eta zentzu horretan etorkizunean ere jarraipena izatea nahi genuke". Eta gonbita ere luzatu die heritarrei, aipatu dut arestian guztion laguntza eta borondatea gustura hartuko ditugula, Euskara Batzordeko ateak irekiak daude edozeinentzat. Gonbitea egin nahi genieke gurekin lanean hasi diren herritarrei (guraso elkarte, irakasle, kultur talde, gazte talde, euskaltegi, jubilatu, kirol elkarte....) hemendik aitzinera ere luzaroan elkarlanean aritzeko euskararen alde".
Aurrera begira prestatu dituzten hainbat ekimenen berri ere eman du euskara zinegotziak. Batetik, ‘Euskaraz bai' kartelak Malerrekako Herriko Etxe guztietan zintzilikatu eta laster karriketan ere jarriko dira. Heldu den asteko Ferietan ere sumatuko da ‘Euskaraz bai'ren presentzia. Bestetik, inguruko Pilota eskolakoekin ere pilota torneo bat prestatzen ari dira eta baita Legasan eginen den Gazte Topaketetan ere hainbat joko edo tailer izanen dira, beti ere euskararen inguruan. Iturengo Kultur egunetarako ere antolatzaileekin jarri dira harremanetan. Eguberri aurretik ‘Euskaraz bai' eguna ospatuko da.