2009-11-03
Euskaraz bai hilabetea ospatuko dute aurten ere Azkainen
Herriko Etxeak, Azkaineko Euskaraz bai jarraipen taldeak eta Kontseiluak Euskaraz bai hilabetea aurkeztu dute  Azkainen. Denen artean prestatu duten egitarauaren bitartez, euskaldun eta euskaltzale guztien gogoak asetzea espero dute.

Aurkezpena Azkaineko sarreran egin da. Herriko plakaren ondoan, Azkainen Euskaraz bai plaka zintzilikatu dute. Modu honetan, Herriko Etxeak euskararekiko eta Euskaraz bai desmartxarekiko duen atxikimendua adierazi du. Jean Louis Laduche Azkaineko auzapezak erran duen bezala, "Pozgarria da ikustea zenbat gauza antolatzen diren Azkainen euskararen inguruan. Espero dugu  herritarrei plazer egitea eta parte hartzea handia izatea".

Euskararen berreskurapenak lana eskatzen du, baina Azkainen bada borondatea : "2004ean hasi ginen lanean Azkainen Bai Euskarari Akordioarekin herritar batzuen kezkei erantzun nahian. Geroztik, hainbat eragile engaiatu dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez eta euskararen normalizazioaren inguruko hainbat ekimen antolatu ditugu", adierazi du Laida Mugica Kontseiluko ordezkariak. Bidea luzea dela badakite, baina 5 urte berantago oraindik hor dira, gero eta egitarau aberatsagoak proposatuz, Azkaindarrei betiko mezua pasarazteko, hots Euskaraz bizi nahi dutela eta bizitzeko aukerak sortu behar direla.

Azpimarratu nahi izan dute Herriko Etxea eta herritarren arteko elkarlanetik sortu dela egitaraua, eta urtean zehar egin izan diren ekintzak, asurantza etxeei zuzendu Euskaraz seguruago ekimena bezala, denei esker aitzinatzen direla. "Uste dut hor dela gakoa, euskara normalizatzeko borondatea dagoelarik, denon arteko elkarlanak ditu fruituak ematen". Kontseiluaren teknikariaren laguntza ukan dute lana koordinatzeko, baina Azkaindarren eskutik eta Azkaindarrentzat egina den zerbait da. "Denok elgarrekin bizi gira, eta euskara denona izatea nahi dugu, denon artean balia eta goza dezagun", da transmititu nahi izan duten mezua.

Hori da justuki Euskaraz bai hilabetearen helburua : euskaraz bizitzeko aukerak sortzea. Iaz bezala, kirol eta kultura ekimenak, zuzenago normalizazioari loturiko ekimenekin uztartu nahi izan dituzte. Egitarauan gauza desberdin anitz atxeman daitezke : Martintxo, bertso poteoa, mendi ateraldia, errugbi txapelketa... denak euskaraz eginen direnak bistan dena. Bestalde, Bidai Intimoak Jon Maiak Korrika 16rako zuzendu film dokumentala proiektatuko dute. Bertan AEKn izan diren 4 ikasleen lekukotasunak ikusten dira. Azkaineko gau eskolako ikasleak herrietako saltegietara joanen dira galdetegi batekin. Bertan, zenbat euskaldun badiren saltegian galdeginen dute, eta nor den prest euskara ikasteko.

Gau eskolako ikasleak ez dira izanen saltegietara hurbilduko diren bakarrak. Sainte Marie eskola eta ikastolako ikasleak ere joko pista batean parte hartuko dute. Fort Boyard jolasaren moduan, komertxanteek esaldi batzuk irakurriko dizkiete eta haurrek hitz batzuk asmatu beharko dituzte, altxorra lortzeko hitz magikoa atxeman arte! Ekimen hauen bitartez, euskara eskoletatik atera nahi izan dute, eta komertxantak eta haurrak harremanetan ezarri, euskaraz.

Azkenik, Ziurtagiriaren Elkarteak, Kontseiluarekin batera Iparraldeko Ziurtagiriaren gida argitaratuko du hilabetean zehar. Dagoeneko 300 baino gehiago dira euskararen alde engaiatu diren saltegi, elkarte, mediku edota ofizialeak. "Eta laster gida berri bat egin beharko dugu Maule eta Donibane Lohitzunekoak sartzeko" gehitu du Laida Mugicak.

  • Euskaraz bai hilabetea ospatuko dute aurten ere Azkainen
  • Euskaraz bai hilabetea ospatuko dute aurten ere Azkainen
Babesleak
[+]
EUSKARAREN GIZARTE ERAKUNDEEN KONTSEILUA
Martin Ugalde Kultur Parkea - 20140 ANDOAIN (Gipuzkoa)
Tel. 943 591200 - Fax. 943 593051
kontseilua@kontseilua.org